Azala

Odieta, XX. Mendeko lekukotasunak

Sinopsia

Urteak daramatza Iruñeko Labrit Multimedia enpresak Nafarroako ondare ez-materiala biltzen, aztertzen eta jendaurrean aurkezten. Ehundaka eta ehundaka nafar elkarrizketatu dituzte dagoeneko bizimoduak, ohiturak, mintzoak… azken batean, bizitzaren lekukotasunak jaso eta ezagutarazi asmoz. 

Odieta harana Lizasotik Iruñerantz doan errepidean dago, hiriburutik 20 bat kilometrora-edo, Ultzama eta Ezkabarteko dermioen artean. Zortzi herrik osatzen dute: Latasa, Gelbentzu, Gaskue, Erripa, Gendulain, Ziaurritz, Anotzibar eta Ostitzek. Azken hau haranaz kanpoko udala izan zen luzaroan.

Hamabost odietar -bederatzi gizon eta sei emakume- elkarrizketatu zituen zuzendariak filma osatzen duten lekukotasunak biltzeko. Odietako euskararen azken pausagune omen diren Latasa eta Gelbentzu haranaren ipar aldean daude, eta gertu dute horrenbestez artean euskaldunago iraun duen Ultzama. Bi herri horietatik kanpo ere nabaria da oraindik udalerrian zehar euskararen itzala: Gendulain herrixkako Goldaraz ahizpak, esaterako, euskara ulertzeko gauza dira eta hainbat esalditxo, asmakizun edota esaera dituzte gogoan. Nolanahi ere, Bonapartek Olaibarreko aldakia deitu zuena -Odieta, Olaibar, Ezkabarte eta Atarrabia, Iruñea ondo-ondoan- desagertzear dago, beste hainbati historian zehar gertatu bezala. 

Euskarazko lekukotasunak alde batera utzita ere, ikus-entzunezkoa ia hiru orduko emaitza ederra da, 10 ataletan banatua (etxea, bizitza, ekonomia, bestak, erlijioa, osasuna, sinismenak, gerra, harremanak eta euskara) eta era guztietako elkarrizketak dituena. XXI. mendea ziztu bizian ezabatzen ari den XX.eko bizimodu, ohitura eta sineskera asko jaso dituzte Labritekoek, gaur egun gainbehera datorren ahozko transmisio gero eta eskasagoak eta gure komunikazio ohitura berriek horiek denak inola ere galtzen utz ez diezaguten.



Hizkuntza: Euskaraz



Aktoreak


Fitxa Teknikoa

Zuzendaria: Gaizka Aranguren